Translate

domingo, 30 de diciembre de 2012


          • Lastoa botatzea

Euskal Herrian, Irlandan, Australian eta Eskozian tradizio handia duena da.
Proba honetan sarde bat erabiltzen duten jaurtitzailea baino altuago den barra baten gainetik botatzeko. Eskozian lastoa 16 librakoa (7 kilogramo inguru) izan ohi da. Bertan, altura jauziaren moduan, hiru saiakera dituzte barra gainditzeko eta gero eta altuago kokatzen dute barra kanporaketa bakoitzean.
Buruz edo bizkarrez botatzen da, laster labur bat, altxa eta bultan jauzi batean bota gure lastoa. Indar bezain koordinazio behar da joko horretan. 





        • Lasto altxaketa

Lasto fardel bat denbora mugatuan eta garaiera jakin batera ahal den gehienetan jasotzean datzana.
Frogaren iraupena normalean bi minutukoa izaten da. Fardelak 45 kg izango du gizonentzat eta 30 kg emakumezkoentzat. Garaiera, berriz, gizonentzat 7 metrokoa eta emakumezkoentzat 5 metroko da. Altxaldia ontzat emateko fardela lotzen duen korapiloak txirrika jo behar du.
Lehenengo altxaldia sokatik indarrez tiratuz egiten da, ondorengoetan berriz gorputzaren pisua erabili ohi da kontrapisu moduan. Fardela erortzerakoan lurra ukitu baino metro batzuk aurretik soka heldu eta fardelaren erortze indarra erabiltzen da kirolaria gorantz eramateko. Lortutako garaieratik eta bere pisuaz baliatuz errazago suertatuko da fardela berriz altxatzea. Adi egon behar da eskuak ez erretzeko.


          • Asto proba
Asto batek, probalariek gidatuta, probarri bat denbora jakin batean ahalik eta distantzia luzeenera eraman behar duen abere proba da. Idi-dema ez bezala, gehienetan asto bakar batek egiten du proba. Halaber, idi-deman baino askoz ere probarri arinagoak erabiltzen dira. Astoen arteko desberdintasunak kontuan hartzeagatik, batzuetan astoaren altuera batetik gora karga gehigarria gaineratu zaio probarriari. Idi-dema eta giza probaren aldean, arrakasta txikiagoa duen proba da eta bereziki Bizkaian jokatu izan da. Egun, bereziki ezagunak dira San Blas jaietan Busturia ospatzen diren asto probak.


        • Idi probak

Idi-pare batek (bakan batzuetan idi kopurua handiagoa bada ere) 1.500 eta 4.500 kilogramo artekoprobarria izeneko harria probaleku edo plaza batean zehar denbora mugatu batean ahalik eta distantzia luzeena (iltze izeneko unitatetan neurtuta) helburu duen herri kirola da. Idiak gidatzen dituenari idi-probalari edo itzain deritzo.
Idi-demaren jatorria antzinean euskal baserritarrek lurra lantzeko eta garraiorako erabiltzen zuten idietan dago. Lan horietatik erronka eta apusturako jokoa sortu zen. Gaur egun idien erabilera mekanizazioaren ondorioz ia guztiz galdu den arren, oraindik ospatzen dira idi-demak Euskal Herriko herrietan, bereziki jaietan, erakustaldi moduan. Kantabria, Asturias eta Kanariar Uharteetan ere jokatzen da.


          • Zaldi proba

Zaldi batek probarri bat denbora jakin batean ahalik eta distantzia luzeenera eraman behar duen abere proba da. Idi-demanez bezala. Asto proban 600 kilo inigurko probarriak izaten diren ibtartean, zaldi probetan probarri astunagoak, 900 kilo ingurukoak, erabiltzen dira. Bereziki Bizkaian ezaguna den den proba da: ezaguna da Berangon ospatzen den Jose Antonio Landa memoriala. Gipuzkoan, berriz, Joxe Astarbe memoriala ospatzen da 2010 urteaz geroztik Azkoitian.
2011 urteko Arriya filma zaldi-mando proba baten inguruan girotzen da.


          • Giza proba


Giza proba herri kirol bat da, probarri izeneko harri astun bat denbora mugatu batean ahalik eta distantzia luzeenean garraiatzean datzana. Taldeka nahiz banaka jokatu daiteke eta harritik tiratzeko kirolaria kate batez harria lotzen duen gerriko bat jartzen du.
Atzerantz tiratuko da. Bidea plazan eta joan etorrian egiten da. Erreka harri borobilez egindako plazetan lehiatzen da normalean harriak ondo irrista daitezen. Gerria ahalik eta tinkoen mantentzea eta lan gehiena hankekin egitea ezinbestekoa da.
XXI. mendearen hasieran giza probaren modalitate berri bat garatu zen, sagar uzta jokoaren baitan, non kizkiaz bildutako sagarrak,zakuetan bildu ondoren, lera batera igo eta arrastaka eraman behar den tolareraino.

miércoles, 19 de diciembre de 2012

          • Harrijasotzaileak

Harri-jasotzea kirol estimatua da Euskal Herrian, batez ere apustu eta errekorrei dagokienez. Aizkolaritzan eta pilotan ez bezala, harri-jasotzaileen artean txapelketek ez dute hainbeste garrantzirik. Garrantzitsuena harri-jasotzaileek urteen puruz beren kirol bizitzan lortutako errekorrak dira.
Bada harri-jasotzea historiaurreko garaietan errotuta dagoela dioenik, gizonek dolmenak eraikitzeko egundoko harritzarrak arrastaka garraiatu behar izaten zituztela eta. Hala ere, gainerako herri kirolen kasuan bezala, ez dago noiz eta non sortu zen zehatz jakitea ahalbidetuko lukeen dokumenturik. Argi dago, baina, basoan lan egiten zuten aizkolariek denbora-pasa moduan enborrak moztuz norgehiagoka jarduten zuten legez, harginek ere euren indarra harriak jasoz neurtzen zutela.
Erromerietan sagardoaren lurrunaz odola eta burua berotuta, mutil gazteek euren indarra erakusteko zerbaiten beharra zuten. Horregatik, esku-eskura zeuzkaten harriak bizkarreratzen zituzten.
Herri kirol honen inguruko lehendabiziko aipamenak, ordea, 1886an jaiotako Arteondo izeneko harri-jasotzaileari buruzkoak dira. Harri-jasotzaile horixe izan zen harriak plazetara eraman zituen lehen gizona. Berak zehaztu zituen harrien neurriak eta pisuak.
  • Proba

Harri-jasotze probak ia beti bata bestearen atzetik lan egiten zuten bi atletaren arteko apustuak izan dira. Lehiaketetan ere, parte-hartzaileek txandaka jarduten dute, ez batera.
Lurrean harez betetako zakuekin edo auto-gurpilekin euskarri bat egiten da, behin harria bizkarreratuta, bertan uzteko berriz. Orduan, laguntzaile batek harria berriz ondo jartzen du hurrengo saiakerarako.
Harri-jasotzea, Arteondo plazara agertu arte, baserrira edota harrobira mugatuta zegoen. Ikusleek nahiago zituzten beste era bateko indar-ariketa batzuk. Arteondok, baina, harri irregularrak baztertu eta harri-jasotzeari beste dimentsio bat eman zion; harriaren forma eta pisua finkatu zituen.

  • Harriak

Egun, harri-jasotzean bi harri ezberdin erabiltzen dira: irregularrak eta aldez aurretik landutakoak edo erregularrak. Bi modalitate ezberdin daude: harri txikiena eta harri handiena. Bakoitzean neurri ezberdinak daude.
Harrien formari dagokionez, irregularrak lepoan berdintzeko zailagoak dira. Harri irregularren artean ezagunena 170 kiloko Amezketako "Albizuriaundi" da. Euskarririk ez duenez, kirolariek komeriak izaten dituzte harriari ondo heltzeko. Bada, ordea, besterik. Esaterako, Azpeitiko "Pipia" (191 kilo), "Igeldoko Harria" (139 kilo) edo Aiako "Arrautz" (154 kilo).
Harri erregularren artean ere forma ezberdinak daude: zilindrikoak, kubikoak, errektangularrak eta esferikoak.
Harrien forma edozein dela ere, granitozkoak dira ia denak. Estimatuenak "Harri beltzak" dira. Azken urteotatik hona, baina, berunezko harriak ere erabiltzen dira. 
  • Perurena eta Saralegi, bi erreferente

Iñaki Perurena eta Mieltxo Saralegi dira harri-jasotzean sekula izan diren bi gizonik onenak. Perurena izan zen lehena 300 kiloko harria jasotzen, eta esku bakarrarekin 267 kilokoa bizkarreratu zuen. Bi eskuekin, 320 kilotan du marka.
Mieltxo Saralegiren kirol ibilbidea ere ez da nolanahikoa. 12 urterekin, 80 kiloko harria altxatu zuen; urtebete beranduago, 100 kilokoa. Hortik aurrera, urtez urte, gora egin zuen. 329 kilotan du errekorra. Orain arteko markarik onena berea da. 
  • Zalantzaz beteriko etorkizuna

Gaur, aski zaila da harri-jasotzaile gazteak agertzea. Beste garai batean ez bezala, oso gazte gutxi hasten dira harri-jasotzean.
Zaletasunik ezak harri-jasotzean gazte gutxi hastea dakar nahitaez, baina kirol honen gogortasunak eta gainditzeko zailak ia ezinezkoak diren markak egoteak ere zer pentsatua ematen die gaztetxoenei.
Hala ere, egungo Euskal Herriko "Harri Handien" txapeldun Aimar Irigoien edota Joseba Ostolaza eta Inaxio Perurena (Iñaki Perurenaren semea) bezalako harri-jasotzaileek etorkizunari baikor begiratzea ahalbidetzen digute, harri-jasotzearen etorkizun hurbila behintzat bermatuta baitago.



            • Segajokoa
Segalari proba edo segalaritza sega erabiliz denbora jakin batean (orokorrean ordubete) ahalik eta belar gehien moztean oinarritzen den herri kirola da.



 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
            • Landaren ezaugarriak

Lehia jokatuko den zelaia edo landa kontu handiz aukeratzen da. Batetik, sega-zale asko dagoen lekua izatea komeni da, eta, ahal dela, indarrak neurtuko dituzten segalariak bizi diren herrietatik gertu egotea. Izan ere, desafioa ikusteko sarrerak ipintzen direnez, ahal denik eta zalerik gehien erakarri behar da. Horregatik, irispide errazekoa, ikusgaitasun onekoa eta aise mugatzeko moduko eremua bilatzen da.
Lursaila, ezinbestekoa da harririk ez izatea,gorabehera gutxikoa eta hazita dagoen belar askokoa izatea.
  • Sega-jokoa

Erruz da zaila segan jardutea, gerria makurtuta lan egiten baita. Adiera horretan, gorputz-enborra tolestuta eta birikiak konprimatuta arnasten da. Segalariak okertuta egiten du beharra, lurrari begira, eguzkiak garondoa kiskaltzen dion bitartean.
Sega-apustuen denboraldiari betidanik eman izan zaio hasiera udazkenarekin batera, belarrak luzera egokia hartu duenean. Orduantxe egon ohi dira partehartzaileak fisikoki mailarik onenean, baserrian lanik gehien ere sasoi horretantxe egoten baita.
Duela gutxira arte, lehiaketa forma bakarra apustua izan zen. Irabazleak sari gisa dirua jaso zuen aurreneko txapelketa 1954ko uztailaren 11an jokatu zen.
Segalariek, beren lana egiteko, ordubete izaten dute, nahiz eta XX.mende hasieran ohikoagoak ziren bi orduko apustuak. Behin denbora hori bukatzen denean, gizon talde batek belarra batu, lotu eta pisatu egiten du epailearen begiradapean. Pisu erromatarra erabiltzen da moztutako belarra pisatu eta gehien ebaki duena, garailea zein den erabakitzeko.
Hala ere, pisua eta moztutako belar kopurua lurraren, belarraren hezetasun mailaren, luzerarenen araberakoa da; denak ere esfortsu fisikoarekin zerikusirik ez duten faktoreak dira.
  • Segalari entzutetsuak

Bertsolaritzak eman zuen aurrenekoz sega-jokoaren berri. Pello Errotak, 1880an, Iturriotzen Izuleak irabazitako apustu baten inguruan abestu zuen.
Pedro María Otaño Eceiza, Beizamako "Santa Agueda", aizkolari arras ezaguna ere segalari handia izan zen 1905 eta 1915 bitartean lehiatu zen bitartean.
Edonola ere, segalarien arteko lehia nagusia Iturriotzeko zelaian jokatu zen 1925eko irailaren 28an. 6000 ikusle batu ziren, eta, esaten dutenez, garai hartako 150.000 pezetatik gora jokatu ziren apustutan. Aiako Pedro Mendizabal "Lokate"-k eta Urnietako José Arrieta "Pantxesa"-k neurtu zituzten indarrak. Azkenean, Mendizabal nagusitu zen.
 Badira aipatzea merezi duten beste zenbait segalari ere. Besteak beste, "Amexketa", "Ondartza", "Irurzu" edota Bernardo Irastorza. Egun ia ez da desafiorik egiten, eta segalariek, batez ere, Federazioak antolatutako txapelketa ofizialetan jarduten dute.

 

martes, 18 de diciembre de 2012

KIROL MOTAK


                                                    KIROLAK

        • Aizkora proba edo aizkolaritza
Enbor bat edo gehiago aizkoraz ahalik eta denbora gutxienean moztea da, eta banaka, binaka edo taldeka lehiatu daiteke. Enborra zutik edo etzanda egon daiteke.

Apustuetan bi laguntzaile izaten ditu ondoan: "erakuslea", kolpea non jo aholkatzen diona, eta "botileroa". Txapelketetan aizkolariak laguntzailerik gabe aritzen dira.


  • Aizkoraren nondik norakoak 
Aizkora nondik datorren jakiteko nahitaezkoa da denboran atzera nabarmen egitea. Erdi Aroan, ontzigintzak eta burdinolek garrantzi handia zuten Euskal Herrian, eta, egur eta ikatz kopuru handiak behar zirenez, ugariak ziren aizkolari eta ikazkinak. Hori horrela, basoan aizkoran aritzen ziren gizonak apustuak egiten hasi ziren enborra nork lehenago ebaki. Hasieran norgehiagoka horiek basoan egiten ziren arren, denborarekin indarra hartzen joan zen aizkora- jokoa, eta, egun, herri kirolen artean ezagunenetarikoa da.
Garai batean Euskal Herrian pago ugari zegoela eta, zuhaitz hori aizkoraren ikur bihurtu zen. Gaur, ordea, hainbeste pagadi ez dagoenez, zuhaitz horren prezioak gora egin du nabarmen. Horregatik, ugariagoa den pinua ere erabiltzen da egun aizkoran aritzeko, baina gutxitan, eta batez ere Bizkaian.Aizkora kirol garestia izanik, pentsaezina da aizkolaria aizkoratik soilik bizi daitekeenik. Pilotari profesionalek ez bezala, aizkolariak ez du enpresekin kontraturik eta kirola eta lana uztartu behar izaten ditu. Horrek, baina, ez du esan nahi aizkoran doan egiten duenik. 

        • Erakustaldia eta txapelketa

Aizkolariak hiru bide horiexek ditu dirua poltsikoratzeko. Desafioan edo apustuan, erronka bota eta diru kopuru jakin bat jartzen da jokoan. Kasu horretan, garaileak eta bere alde apustu egiten dutenek irabazten dute diru hori. Apustuetan, aizkolariak bi laguntzaile izaten ditu alboan: erakuslea, aizkorakadak non eman esateko; eta botileroa, denbora neurtu eta beste aizkolariak nola doazen jakinarazteko. Artekariak dira apustuez arduratzen direnak. Edonola ere, erakustaldiak egiteagatik ere izaten du diru-saririk aizkolariak . Kasu horretan, udaletxeak edo erakustaldia antolatu duenak ordaintzen dio aizkolariari. Azken diru-iturria txapelketa izan ohi da. Urtero jokatzen den Euskal Herriko txapelketa nagusia da txapelketen artean garrantzitsuena. Hala ere, badira beste zenbait: Donostiako Urrezko Kopa, Urrezko Aizkora edota Nafarroako Federazioak antolatzen duen Nafarroako bi-bitako txapelketa.

          • Egurraren neurriak
Ontza da aizkoran erabiltzen den neurria, eta enborraren gerribuelta neurtzeko balio du. Neurri ohikoena oinbetekoa da (36 ontza), baina apustuetan 80 ontzakoak, kanakoak (108 koak) eta handiagoak, 110eko enborrak, ere erabiltzen dira. Txapelketetan, berriz, ohikoenak kana-erdikoak (54 ontzakoak), 60 ontzakoak eta oinbikoak (72 ontzakoak) dira. 

          • Enbor-mozketa
Enborra mozteak bi fase nagusi ditu: azalekoa eta bihotzekoa. Hasieran, aizkolariak bi aizkorakada jotzen ditu enborraren gainazalean norabidea zehazteko. Bi kolpeak puntu berean elkartzen dira. Hortik aurrera, enborraren barnealdeari kolpeak jotzen zaizkio enborra bitan zatitu arte. Gainazalerako aizkora jakin bat erabiltzen da, eta barruko lanetarako beste bat, pisu gutxiago duena eta zorrotzagoa.
  
            • Aizkora
Azken 15-20 urteotan, aizkora australiarra erabiltzen da, garai batean Euskal Herrian erabiltzen zirenak baino arinagoak eta zorrotzagoak baitira. 1976ko urtarrilaren 18an, Anoetako Belodromoan Australiako hiru aizkolarik eta AstidiaK, Arria II.ak eta Arria III.ak desafioa jokatu zuten. Orduan, australiarrek aise irabazi zieten euskaldunei, eta argi geratu zen aizkora australiarrak askoz hobeak zirela. Urtebeteren buruan, 1977ko azaroaren 28an, Atotxako futbol zelaian jokatu zen norgehiagokan, ordea, Arriak eta Mindegiak Australiako aizkorak erabili zituzten, eta Kanada, AEBak, Australia eta Zeelanda Berriko aizkolariak menpean hartu zituzten.
          • Gaztetxoak aizkoran
Aizkora urte luzez gizonezkoari lotuta egon da. Hala ere, azken urteotan badira aizkora hartzera animatu diren emakumeak ere. Zaila zaie urte luzez gizonezkoei estuki lotuta egon den kirol honetan lekua egitea, baina baita gazteenei ere. Izan ere, gazte gutxi dira gaur basoan lan egiten dutenak, eta, horregatik, zailtasun handiak izaten dituzte entrenamenduetarako egurra eskuratu eta prestatzeko. Alde horretatik, errazagoa zaie beste kirolen batera jotzea. Gainera, laguntza teknikoa eta prestatzaile egokiak aurkitzea ere ez dago edonoren esku. Horren harian, aizkoran lehen urratsak ematen ari diren gazte eta ez hain gazte horiei laguntze aldera, erakustaldietan parte hartzeko aukera eskaintzea interesgarria izan liteke.

Herri kirolen historia


                                                   HISTORIA


Euskal Herrian sortu eta antzinatik jokatu direnak dira herri kirolak. Horietako asko, hemen sortutakoak badira ere, munduko beste zenbait lurraldetan ere ezarri dira denborarekin. Hemen praktikatzen diren kirol batzuk, berriz, munduko beste herrietan jokatzen diren beste batzuen antzekoak dira.
Herri kirol guztiek indar fisiko handia izatea eskatzen dute, eta energia handia izan behar da horiek praktikan jartzeko. Gainera, erresistentzia handikoa izatea ere beharrezkoa da, esfortzu handia egiten baita. Herri kirolen ezaugarrietako batzuk apustuek duten garrantzia eta partaide eta ikusleen artean botatzen diren erronkak dira.
Herri kirolen jatorria garai bateko hainbat lan jarduera aisialdira bideratzean aurki dezakegu. Baserritarrak egin behar zituen eguneroko betebeharrak kirol bilakatu dira denborarekin. Horrez gain, lan horiek pertsonen arteko lehia eragin dute kirol bihurtuta.

miércoles, 12 de diciembre de 2012



                            ONGI ETORRI DENOI

Blog hau euskal herriko kiroletan oinarritutako blog a da, eta kanpotarrak, hemengo kirolak nolakoak diren ezagutzea da, ez delako hainbeste miresten.
Espero dut asko gustatzea eta bisitariei eskerrak ematen dizkizuet blog hau bisitatu izanagatik, asko gustatzea espero dut.