- Harrijasotzaileak
Harri-jasotzea kirol estimatua da Euskal Herrian, batez ere apustu eta
errekorrei dagokienez. Aizkolaritzan eta pilotan ez bezala,
harri-jasotzaileen
artean txapelketek ez dute hainbeste garrantzirik. Garrantzitsuena
harri-jasotzaileek urteen puruz beren kirol bizitzan lortutako
errekorrak dira.
Bada harri-jasotzea historiaurreko garaietan errotuta dagoela dioenik,
gizonek dolmenak eraikitzeko egundoko harritzarrak arrastaka garraiatu
behar izaten zituztela eta. Hala ere, gainerako herri kirolen kasuan
bezala, ez dago noiz eta non sortu zen zehatz jakitea ahalbidetuko
lukeen dokumenturik. Argi dago, baina, basoan lan egiten zuten
aizkolariek denbora-pasa moduan enborrak moztuz norgehiagoka jarduten
zuten legez, harginek ere euren indarra harriak jasoz neurtzen zutela.
Erromerietan sagardoaren lurrunaz odola eta burua berotuta, mutil
gazteek euren indarra erakusteko zerbaiten beharra zuten. Horregatik,
esku-eskura zeuzkaten harriak bizkarreratzen zituzten.
Herri kirol honen inguruko lehendabiziko aipamenak, ordea, 1886an
jaiotako Arteondo izeneko harri-jasotzaileari buruzkoak dira.
Harri-jasotzaile horixe izan zen harriak plazetara eraman zituen lehen
gizona. Berak zehaztu zituen harrien neurriak eta pisuak.
Proba
Harri-jasotze probak
ia beti bata bestearen atzetik lan egiten zuten bi atletaren arteko
apustuak izan dira. Lehiaketetan ere, parte-hartzaileek txandaka
jarduten dute, ez batera.
Lurrean harez betetako zakuekin edo auto-gurpilekin euskarri bat egiten
da, behin harria bizkarreratuta, bertan uzteko berriz. Orduan,
laguntzaile batek harria berriz ondo jartzen du hurrengo saiakerarako.
Harri-jasotzea, Arteondo plazara agertu arte, baserrira edota harrobira
mugatuta zegoen. Ikusleek nahiago zituzten beste era bateko
indar-ariketa batzuk. Arteondok, baina, harri irregularrak baztertu eta
harri-jasotzeari beste dimentsio bat eman zion; harriaren forma eta
pisua finkatu zituen.
Harriak
Harrien formari dagokionez, irregularrak lepoan berdintzeko zailagoak
dira. Harri irregularren artean ezagunena 170 kiloko Amezketako
"Albizuriaundi" da. Euskarririk ez duenez, kirolariek komeriak izaten
dituzte harriari ondo heltzeko. Bada, ordea, besterik. Esaterako,
Azpeitiko "Pipia" (191 kilo), "Igeldoko Harria" (139 kilo) edo Aiako
"Arrautz" (154 kilo).
Harri erregularren artean ere forma ezberdinak daude: zilindrikoak, kubikoak, errektangularrak eta esferikoak.
Harrien forma edozein dela ere, granitozkoak dira ia denak.
Estimatuenak "Harri beltzak" dira. Azken urteotatik hona, baina,
berunezko harriak ere erabiltzen dira. Perurena eta Saralegi, bi erreferente
Mieltxo Saralegiren kirol ibilbidea ere ez da nolanahikoa. 12
urterekin, 80 kiloko harria altxatu zuen; urtebete beranduago, 100
kilokoa. Hortik aurrera, urtez urte, gora egin zuen. 329 kilotan du
errekorra. Orain arteko markarik onena berea da.
Zalantzaz beteriko etorkizuna
Zaletasunik ezak harri-jasotzean gazte gutxi hastea dakar nahitaez,
baina kirol honen gogortasunak eta gainditzeko zailak ia ezinezkoak
diren markak egoteak ere zer pentsatua ematen die gaztetxoenei.
Hala ere, egungo Euskal Herriko "Harri Handien" txapeldun Aimar
Irigoien edota Joseba Ostolaza eta Inaxio Perurena (Iñaki Perurenaren
semea) bezalako harri-jasotzaileek etorkizunari baikor begiratzea
ahalbidetzen digute, harri-jasotzearen etorkizun hurbila behintzat
bermatuta baitago.
No hay comentarios:
Publicar un comentario